Jesús Elósegui Irazusta bilduma

elosegui_img1

Argazkiak ikusi

ARANZADI Zientzia Elkarteak, Lazkaoko Aita Beneditarrekin egindako hitzarmenari esker, Jesús Elósegui Irazustaren Argazki Artxiboa Aranzadiko Zientzi Elkarteko Artxibo Orokorrean txertatu eta digitalizatu du. Digitalizatze lanak 2002. urtean hasi eta 2006rako ia amaituak zirelarik, 18.000 bat irudi digital eskuratu dira, hainbat materialetatik ekarriak (zeluloidea, kristala eta papera).

Hala ere, argazkiak digitalizatzeak ez luke zentzurik argazki bakoitza identifikatu gabe: irudi bakoitzari bere kodea eta azalpena jarri zaio. Horretarako, Jesús Elóseguik berak egin zuen inbentarioa erabili dugu, gaur arte gorde egin baita, eta, aldi berean, haren inguruko adiskideen nahiz senitartekoen laguntzari esker, irudi guztiak identifikatzea lortu dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ohore handia da bilduma hau GureGipuzkoa.net atarian ere plazaratu ahal izatea, eta halaber Jesús Elósegui Irazustari, Elkarte honen sortzaileari, merezi duen omenaldia eskaintzea, bere bizitza osoan horren gogo handiz egindako lanagatik. Jesús Elósegui bildumaren 15.211 argazkiak plataforma honetan biltegiraturik, erabiltzaileei bildumarekiko eta bere barnean dagoen informazioarekiko irisgarritasuna erraztu nahi diegu. Halaber, erabiltzaileen irisgarritasunean sakondu asmoz, bilduma osoa Creative Commons Aitortu-BerdinPartekatu baimenera atxikitzen da, bildumaren eduki guztiak Wikipediarekin bateragarriak direlarik.

Jesús Elósegui 1907. urtean Tolosan jaio zen. Industri Injinerutza ikasketak bertan behera utzi eta 1932tik aurrera argazkilari profesional modura hasi zen lanean. Kirol eta kultur gaiak eta batez ere Natur Zientzietako hainbat alderdi landu zituen. Aranzadiko fundatzaile, idazkari eta lehen zuzendaritza-batzordeko kidea izan zen. Jose Miguel de Barandiaranen lan zientifikoari estu-estu lotua eta hainbat trikuharri eta harrespilen aurkitzailea. Hainbat lan egin zituen Iztuetari buruz eta Aralarko kobre-meatzei buruz. Carlos Menaya-rekin batera, “Cumbres” (“Tontorrak”) izeneko lana argitaratu zuen Ganboa mendian oinarrituta (mendi hau Aralarko mendigunerik interesgarrienaren erdian dago eta, egileen iritziz, leku paregabea da artzain-mendi horiek behatzeko).

Munibe, “El día”, Argia eta Pyrenaica aldizkarietan kolaborazioak publikatu zituen.

1972ko urtarrilean, 25 urteren buruan, Aranzadi Z.E.ko idazkari nagusiaren postuan errelebua eskatu zuen, bere atzean lan isil, eraginkor eta iraunkorra utzita. 1979an, Munibek ale berezi bat eskaino zion elkartearen fundatzaile eta animatzaile nagusia izandakoaren omenez eta oroitzapenez. Bere bizitzako azken etapan artxiboko ikerketa-lanak eta euskarari buruzko gaiak landu zituen gehien-bat, eta Kardaberaz eta Euskarazaintza taldeetako kide izan zen.