Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren argazki artxibategia
Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren argazki artxibategia, 1987ko eta 1988ko urteetan egin zen Gipuzkoako kultur intereseko ondasun higiezinen katalogoaren oinordea dugu. Ondarearen zaintzaz arduratzen diren teknikariei lan tresna bat eskaintzea izan zen Gipuzkoako higiezin interesgarrienen informazio historiko, arkitektoniko, arkeologiko eta fotografikoz osatutako katalogoko horren egitekoa.
Ekarpen berriei esker, argazki artxibategia osatzen joan da urteen poderioz. Ekarpen berri horiek, gehienbat, Ondare Historiko-Artistikoko Atalak egin ditu, Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuaren barruan duen lanaz baliatuz. Ondare Atalak, izan ere, ondarea zaintzeko diru laguntzen programetan sartuta dauden higiezinak bisitatzen ditu eta, monumentu izendapena dutelako, obrak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena behar duten eraikinetako obrak ikuskatzen ditu.
Artxibategirako ekarpenen hirugarren iturria Gipuzkoako higiezinen ondareari buruzko azterketa monografikoak dira. Azterketa horiei esker, katalogoa ikuspuntu guztietatik aberasteaz gain, Gipuzkoako ondare multzoak hobeto ezagutzen ditugu, esate baterako, ermitak, errotak, burdinolak, baserriak eta ondare industriala.
Katalogoaren jatorriak erakusten digunez, materialak ez du asmo artistikorik, baizik eta ondareko teknikariek eta beste kolaboratzaile batzuek sortutako informazio dokumentala eta lan materiala ezagutzera ematea, Gipuzkoako ondare artistiko, arkitektoniko eta arkeologikoaren zaintza kudeatzeko.
Lehen fase honetan, banaka identifikatutako 35.000 irudi kargatu ditugu. Etorkizunean ere lan hori egiten jarraituko dugu eta artxibategian dauden beste 15.000 irudi erantsiko ditugu.
Beraien ikusgarritasuna areagotzeko asmoaz eta erabiltzaileek beraiekiko izan dezaketen atzigarritasuna erosoa izan dadin, irudien lizentzia Creative Commons BY-SA baimenera atxikitzen da, berau Wikimedia Commons gunean erabiltzen denarekin bateragarria da, Wikipedian erakusten diren argazkiak gordetzeko gunea delarik.
Irudi bat erabili eta egiletza aitortzerakoan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuko Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusia aipatu beharko da. Irudiaren fitxaren “Argazkilaria” eremuan argazkilariren bat aipatuko balitz, hau ere aipatu beharko da. Azkenik, argazki hauekin lan eratorriren bat egingo balitz, bere lizentzia ere CC-BY-SA izan beharko da.
Bi baldintza hauek zainduz, erabiltzaileak ez dauka zertan baimen eske Kultura Departamentuarekin harremanetan jarri beharrik.